XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZERU urdinaren gardetasunean isladatzen zen Río de la Platako itsas-isatsaren zilueta nire salatik, leihoak kaletako kafetegi, Maldonado kasema eta Obserbatorio aldera zuela ikuspegia; une hartan, hain zuzen, eguzki-errainuen ibilbidean zegoen beirategiko zilarrezko baxeren distira sordina (ze egunkariari errepaso bat ematearren eseri nintzen, eta berriro eguzkiaren isladak whiskyz beteriko kristal biselatuzko edalontzian); baxerategiko flasko, botila-brandy, ontziteria metalikoetan ere antzeko argi-jokuak.

Elbira nire emaztearen urrats nagiak entzun nituen logela aldean; egia esan, ez dakit zergatik, baina bi egun zeramatzan berak, zegoeneko, neguko erropak armairu handitik txikira garraiatzen hurrengo urtera arte bertan gera zitezen; negua bere ezbehar eta molestiekin gainditua zegoen. Horra. Bada. Bere komeriak.

Segidan, sekulako zarata berriro; antza, pertxeroak erori zitzaizkion .

- Zatoz, Fidel. Traje-multzoa jausi zait; badakizu, Dora neskamea kanpoan da gaur, eta bakarrik nago. Zatoz lehenbailehen!

- Itxaron egidazu apur bat... -aztoraturik eta deseroso nik, ez bainengoen etxeko eginbeharretan parte hartzen ohitua. Bai, Río de la Plata inguruan sortu den industriak aurrerabide ekonomiko itzala ekarri ziok Buenos Aires hiriari nire buruari leihotik etxe-errraldoi multzoa ikustean. Zarata berria bainugelan. Perfumearen flaskoa xaboi-ontzia edo gisakoren bat erori bide zitzaion Elbirari oraingoan.

- Ze gibela zurea...! Beti egunkaria irakurtzen.